
Goimendiko basoa.:: Javi Esparza
Gartxoten bidetik Otsagabiaraino Abodiko mendilerroan zehar
mendirizmendi.com | 2025-10-09
Abodiko mendilerroaren zati bat ibiliko dugu izena ematen dion 1533 metroko gailurra barne; Gartxot deitzen dioten bidea izango dugu abiapuntu eta Otsagabia helmuga.
Larunbatean, beroketa gisa, Osateko trokan barrena ibiliko gara. Ibilbidearen hasiera Otsagabiako kanpinaren sarreran bertan dago eta hormigoizko pista batean gora abiatzen da ur-biltegietaraino. Handik aurrera bidexka bihurtuta, basoa zeharkatzen du, pago, izei, ezpel eta pinu artean.
Jatorrizko ibilbidea kanpinean amaitzen da, baina mozketa-lanen ondorioz zati bat ia desagertua dagoenez, ezkerretara joko dugu Ezkarozerantz. Axarixiloa kobazulora hurbilduko gara bidean, eta kanpinerako itzulia NA-140 errepidetik osatuko dugu.
Gartxoten bidea
Biharamunean, busak Itzaltzura hurbildu eta errepidean 400 metro inguru egin ostean, Gartxoten bidetik ekingo diogu Abodiko mendilerroari. Haritzak, gorostiak, ezpelak eta pagoak nagusi dituen basoan gora igoko gara gutxika Krutxea begiratokiraino; leku bikaina da Pirinioak miresteko.
Bertatik gora jarraituko dugu berriro Petranberroa errekastora eta Ripalda ur-jauzira iristeko.
Zeharkatu beharreko hurrengo trokan Salera ur-jauzia topatuko dugu, bi mailatan behera urak egiten duen salto ederra, eta handik berehala helduko gara Elkorretako edo Gartxoten haitzulora. Elezaharraren arabera, bertan aterpetu zen Gartxot Itzaltzuko bardoa Mikelot semea hil ondoren Orreagako monjeen atzaparretatik salbatu nahian.
Abodi
Elkorretako haitzulotik atzera egin dezakegu pixka batean edo zuzeneko igoera labur bat leizearen gainera iristeko; bertan utziko dugu Gartxoten bidea iparralderantz egiteko, Abodiren gailurra (1533 m) jomuga. Tontorretik, beti mendebalderantz, mendilerroari jarraituko diogu Murentxiloa (1456 m) eta Dukea (1448) igarota Arrizabalaraino (Paso de las Alforjas). Megalito ugari dago inguruan.
Otsagabia
Hegoalderantz jaitsiko gara GR-11tik Otsagabiarako bidean (2 ordu). Botin bordara heltzean bidexkatik pistara pasa, Xubri borda atzean utzi, informazio-postera iristean Muskildara jarraitzen duen GR-11tik atera eta Otsagabia Hiriberrirekin lotzen duen antzinako bidea hartuko dugu. Ikusgarria da beheranzkoan zeharkatuko dugun pagadia. Herrira goialdetik sartuko gara, elizaren ingurutik.
Datu interesgarriak
Eguna: Urriak 18-19
Irteera ordua: Arratsaldeko 14:45ean Atsegindegitik.
Urriak 18
Luzera: 7 km
Denbora: 2 ordu inguru.
Desnibela: 315 m gorantz eta 325 beherantz.
Tracka: Osateko troka.
Urriak 19
Luzera: 19 km
Denbora: 6 ordu inguru.
Desnibela: 860 m gorantz eta 970 beherantz.
Tracka: Gartxoten bidea-Abodi-Otsagabia.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
OHARRA: Aterpeetarako lo-zakua edota maindirea eta toalla eraman behar dira.
Axarixiloa kobazuloa.
:: Javi Esparza ::
2025-11-11
Talaia bidea:
Pasaia - Donostia
2025-10-22
Bazkide
Eguna:
Berrobi - Leaburu
2025-10-22
Mendizale astea
azaroak 3tik 7ra
bitartean izango da
2025-09-29
Guadalupetik Lezora
Jaizkibeldik
barrena
2025-09-11
Oporrak pasata, Ernioko erromerira irteera gaztetxoekin
2025-08-20
Eibartik Udalara GR-121 ibilbidetik
2025-07-03
Santioko asteburu luzea Kantabrian, Collados del Asón Parke Naturalean
Info Meteo