Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Tres Dedos gailurra.

Tres Dedos gailurra.:: Ana Lentijo

Tres Dedos mendira

mendirizmendi.com  | 2017-09-08

Burgos ipar aldean dagoen Mena bailarako mendizerrara itzultzen gara kasu honetan. Mendizerra honetako mendi esanguratsuena igoko da, Tres Dedos (1.167 m) gailurra.

Tres dedos gailurra Burgos probintziako iparraldean, kokatuta dago. Hiru gailurrez osatutako mendia da.
Irteera honetan Complacera izeneko tuneletik igaroko gara. Losa eta Mena bailarak elkartzen zituen bidean dago, Portillo del Polvero izeneko mendatean. Eskuz, pikatxoiarekin eta palarekin, zulatutako 70 m inguruko tunela da.
Complacera tunela Las Merindades eskualdeko historiaren zatia da. Ingeniaritza obra honek inguru hauetan baso-jarduerak izan zuen garrantzia adierazten digu. Tunela XIX. mendearen amaieran, 1891. urtean, eraiki zen. Bere helburua hego aldeko La Peña mendietan lortzen zen egur ikatza garraiatzen zuten zaldi eta mandoei bidea erraztea zen. Egur ikatz hori Mena bailaran zegoen El Mercadillo tren geltokira jaisten zen eta hortik Bilbo inguruko galdategietara garraiatzen zuten.

Inguru hauetan ere Ordunte mendiak daude. XVI mendean Mena bailaran garapen handia izan zuten bertako burdinolek. Garai hartan zegoen teknologiarekin 50 kg burdin ekoizteko 250 kg egur ikatz behar ziren. Mende hartan idatzitako ordenantzetan egur ikatza ekoizteko haina egur ziurtatzeko arauak jasota daude. Hala ere urteen poderioz egur ikatzaren ekoizpenak bere eragina izan zuen inguruko basoetan eta gaur egun oraindik nabari den eragin ekologiko handiarekin baso horietako asko guztiz desagertu ziren.

Cilieza herrira iristeko Ovilla herrian hasten eta kotxeentzako egokia den pista batetik egiten da. Autobusak ezin duenez pasa guk oinez egingo ditugu 1,5 km horiek.

IRTEERA
Egunak: Irailak 24
Irteera ordua: Goizeko 7:30
Tokia: Atsegindegi

IBILBIDEAK
Luzera: 15 km
Denbora: 7 h inguru (geldiuneak barne)
Desnibel metatua: 600 m inguru gorantz eta beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.
Oharra: Janaria eta ura motxilan eraman behar dira. Ura eramatea garrantzitsua da, bide osoan ez baita iturririk.