Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Kantabria mendizerrako mendebaldea

Kantabria mendizerrako mendebaldea:: Tracksrioja

Montoria - Cocinas (1.181 m) - Abalos

mendirizmendi.com  | 2017-03-13

Berriro ere Kantabriako mendizerrara itzultzen gara. Oraingo honetan mendizerraren mendebaldean dagoen Cocinas gailurra egingo dugu. Ibilaldia egin ondoren upategi batean bazkaria egingo da.

Ibilbideak Errioxako eremu lehor eta ipar aldeko mendien artean muga osatzen duten mendateak zeharkatzen ditu. Errioxa eta Arabako lautadaren arteko komertzio harremanetarako asko erabiltzen ziren eta garrantzia handikoak ziren. Ibilbidearen zati gehiena baso barrutik egiten da.

Ibilbidea De la Rosa Ama Birjinaren santutegiaren hondakinetatik igarotzen da. Santutegia ia osoa erorita dago, baina oraindik bi horma zutik irauten dute. Horietako bat XVIII mendeko portada da. Arku bat eta hiru okulo (forma zirkularra edo obalatua duten leihoak) ditu. Abalosen dagoen kondaira batek dio XV mendearen erdi aldera jaiotzez mutua zen artzain batek orain santuegia dagoen tokian arrosa bat aurkitu zuela. Arraroa egin zitzaion, negua baitzen. Lorea jaso zuenean ahotsa berreskuratu zuen. Herrira jaitsi zen horren berri ematera. Herriko jendea lorea zegoen tokira igo zenean eta bertan induskatu zutenean, leize bat aurkitu zuten. Leize horren hondoan musulmanen garaian gordetako Ama Birjinaren tailu bat zegoen. Hori dela eta, toki horretan santutegia eraikitzea erabaki zuten. Santutegia Lehenengo Gerra Karlistan erre eta erraustu zen.

Irteerak ere Euskal Herriko paraje eder eta isolatu hau ezagutzeko aukera ematen du.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPEN LABURRA
Herriko elizatik abiatuta Barranco del Puerto izeneko bideari jarraituz Osluna izeneko mendatera iritsiko gara. Bertatik Portillo de Ataun izeneko mendatera joan behar da. Bertan, bidetik gertu, aurkitzen da Ataungo leizea edota Atxabalgo dolina handia izenarekin ezagutzen den egitura karstikoa.

Atxabal igo gabe, pistari jarraitu bere bi aldetan mugarri batzuk aurkitu arte. Hemen hasten da Cocinas gailurrera igotzeko bidea. Desnibela oso txikia da eta 10 minututan gailurrera iristen da. Gailurra bitxia da zuhaitzez inguratuta dagoelako eta bertatik ez delako gauza handirik ikusten.

Pistara berriro jaitsi eta aurrera egin behar da. Ordu laurdenean De la Rosa mendatera iristen da. Eskuinera egin behar da. Bideari jarraituz De la Rosa Ama Birjinaren santutegira iristen da. Santutegiari bisitatxo bat egin ondoren, jaisten jarraituko dugu ibilbidearen amaiera izango den Abalos herrira iritsi arte.

IRTEERA
Egunak: Martxoak 25 (larunbata)
Irteera ordua:7:30
Tokia: Atsegindegi

IBILBIDEAK
Luzera: 11 km
Denbora: 4 h
Desnibel metatua: 400 m gorantz eta beherantz 600 m inguru.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.

IRTEERA BURUTU ONDOREN BAZKARIA EGINGO DA UPELTEGI BATEAN (kopurua 50 pertsonetara mugatua)