Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Bi haizpeak.

Bi haizpeak.:: mendirizmendi.com

GR-20 2. etapa: Aralarko San Migel Santutegia - Iribas

mendirizmendi.com  | 2023-05-08

Bigarren etapa honetan basoak dira nagusi. Bide gehiena zuhaitzen gerizpean egiten da. Gainera, lehen zatia, Etxebarrira jaitsi arte, beherantz da eta nahiko eroso egiten dira etaparen lehen hiru laurdenak.

GR 20ko 2. etapa Aralarko San Migel santutegira iritsi baino ehun-berrehun metro lehenago hasten da. Madotz aldera eginez, GR 20a pagadi eta kareharrizko haran txiki batetik jaisten da. Uhartetik igotzen den hormigoizko pista bi aldiz zeharkatu ondoren bidezidorra igoera eta jaitsiera laburrak erakusten dituen tarte batera iristen da. Tarte horretan iturri bat dago urez hornitzeko egokia dena. Pagadian aurrera jarraituz, bideak eskuinera biratzen du eta berriro jaisten jarraitzen du. Beste pista batekin bat egiten du topo eta, gandor bati jarraituz, Aupeta mendatera jaitsiko gara.

Errepidetik 500 bat metro jaitsi behar dira hegoalderantz, eta eskuinetara dagoen bidezidor bat hartu. Bide horrek baso barrutik eta balaira estu batetik Egiarrretara jaisten gaitu. Bertan, Irurtzun aldera doan errepidea hartu behar da. Aurrerago Madotzera doan errepidearekin egiten da topo. Errepidea zeharkatu eta beste aldera pasa. Bertan dagoen abeletxea zeharkatuta eta Etxeberrira eramango gaituen pista bat topatuko dugu. Horri jarraitu.

Etxeberriko goiko aldetik, GR 20ak gora egiten du eta bi muino igo ondoren Apeztxoletako menhirraren albotik igaroko gara. Pixka bat aurrerago pista utzi eta eskuinera doan bidezidor bat hartu behar da. Igoera labur baten ondoren, bidezidorrak altuera galdu gabe jarraitzen du Goldaratz herriraino. Tarte hau oso polita da eta bista politak ditu.

Goldaratz herrira iristerakoan, herrira jaitsi gabe, bideari jarraitu behar zaio. Aldapa labur baten ondoren bidea basoan sartzen da eta emeki beherantz egiten du. Goldaratz eta Iribas arteko tartea erosoa da nahiko laua delako eta joera orokorra beherakorra delako. Hala ere, ibilbidea luzea denez, ongi prestatuta egon behar da azken tarte honetaz gozatzeko. Nekearekin ez da hainbeste gozatzen.

Izena emateko
Irteera Maiatzaren 21ean izango da.
Irteera lekua Atsegindegi da eta irteera ordua goizeko 7:30tan izango da.
Zehaztasun gehiago izateko eta izena emateko, elkarteko bulegotik pasa (Iturregi plaza z/g) astelehen, ostegun edo ostiralean arratsaldeko 8etatik 9etara.

Datu interesgarriak
Luzeera: 30 km
Denbora: 8 ordu.
Desnibela: 950 m inguru beherantz eta 350 m inguru gorantz.
Zailtasuna: Zailtasun berezirik ez. Ibildide luzea.
Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.