Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Pagadia.

Pagadia.:: mendirizmendi.com

GR-11 4. etapa: Urkiaga mendatetik Orreagara

mendirizmendi.com  | 2018-10-06

Zeharkaldiaren laugarren etapa dugu hau. Lehenengo tartea baso barrutik eta bigarrena goi-mendiko soroetatik. Inguru hauetan eman zen VIII. mendean hain ezaguna den Orreagako guda.

Laugarren etapa hau ez da oso luzea. Bide erosoetarik doa eta ongi seinaleztatua dago. Lainoa topatzen baldin badugu, galtzeko toki bakarra Sorogain eta Mendiaundi arteko igoera da.

Ibilbidearen profilak, bi igoera eta bi jaitsiera nagusiz osatuta, M forma du. Gora egiten duen lehenengo tartea Urkiaga mendatetik Adi aldera doan zatia da. Bertatik Sorogain izeneko aterpera jaitsi behar da. Ibilbideko tarte hori, Adiko inguruak izan ezik, pago basoen barrutik egiten da.
Bigarren igoera nagusia Sorogainetik Mendiaundi gailurrera dagoena da. Bertatik Orreaga edo Auritzera jaisteko aukera daude. Ibilbideari amaiera emateko guk lehenengoa aukeratu dugu. Bigarren zati honetan, baso zatiak egon arren, goi-mendiko soroak dira nagusi.

Orreaga inguruan gertatu zen euskaldunontzat hain garrantzitsua den Orreagako guda. Bertan pairatu zuen Carolingioen ejertzitoak, 778. urteko abuztuak 15ean, bere lehenengo porrota. Gudan Roldan eta bere 20.000 soldaduetatik gehienak hil zituzten.

Ibilbidearen deskribapena
Urkiaga mendatean ekialdera egiten duen pista hartu behar da. Igoerak Adipe mendatera hurbiltzen gaitu. Bertan hesia zeharkatu eta Adi gailurra bere ipar aldetik inguratu behar da eta Adatuneko lepora hurbildu. Bertan hegoa aldera egin eta Odia haranetik malda gogor batetik jaisten hasi behar da. Malda leuntzen denean erreka batekin egingo dugu topo. Errekari jarraituz Sorogaineko aterpera iritsiko gara.

Hemendik aurrera bideak berriro gogor egiten du gora. Zati honetan soroetatik barrena igotzen da eta marka zuri-gorriak ez dira hain errazak ikusten. Ordu erdi ingurura pista batekin egingo dugu topo. Pistari jarraitu eta tarte luze batean jarraitu behar da. Bihurgune batean pista utzi eta hesi baten albotik doan bideari jarraituz Mendiaundi (1.210 m) gailurrera igoko gara.

Gailurretik, jaitsiera gogor bati jarraituz, ipar aldean dagoen Dos Puentes mendatera jaitsi behar da. Bertatik Auritz aldera jaisten hasi behar da. Aurtzera iritsi baino kilometro pare bat lehenago, bidea utzi eta, eki aldera eginez, Orreagara eramango gaituen bidea hartu behar da.

IRTEERA
Eguna: Urriak 21
Irteera ordua: Goizeko 7:00tan
Tokia: Atsegindegi.

IBILBIDEA
Luzera: 18 km
Denbora: 6 h.
Desnibel metatuak: 700 m gorantz eta beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.