Mendiriz Mendi Elkartea - Hernaniko Mendi Taldea

HELDUEN IRTEERA

Azkolegiko jauregia.

Azkolegiko jauregia.:: beltri.blogspot.com

Etxalaretik Sunbillara Bertizeko Parke Naturalaren mugetan

mendirizmendi.com  | 07-03-2019

Ibilbide honetan Bertizeko Parke Naturalaren mugetan ibiliko gara. Bertan dagoen Azkolegiko jauregia ezagutzeko aukera izango dugu. Eraikuntza benetan bitxia, dagoen tokiagatik eta bere estilo arkitektonikoagatik.

Ibilbidearen zati handi bat Bertiz Parke Naturalaren mugatik egiten da. Lur eremu hori 1898. urtean Pedro Ciga Mayo eta bere emaztea zen Dorotea Fernández Morales-ek erosi zuten. Berehala parkeko beheko eremutan zegoen barroko estiloko jauregia berritu zuten, baita lorategia handitu eta berritu. Ondoren Aizkolegi gailurrean jauregi bat eraikitzea erabaki zuten. Horretarako bertara iristeko bide bat zabaldu zuten. Bidean landare espezie exotikoak landatu zituzten eta inguruko basoarekiko babes neurriak hartu ziren, hala nola: zuhaitzak ezin moztu ahal izatea eta baso-ustiaketa jarduera debekatzea. XX. mendearen hasieran hartutako erabaki haiengatik disfruta dezakegu gaur egun horrelako baso heldu eder batez. Pedro Ciga 1949. urtean hil zen eta Nafarroako Diputazio Foralari eman zion lur eremu zabal hori. Nafarroako Gobernuak Parke Natural izendatu zuen 1984. urtean.

Aizkolegi gailurrean dagoen jauregia Ciga-Fernández bikotearen kapritxo bat izan zen. Aisialdirako txalet modernista modura eraiki zuten, baina esnob puntu batekin. Naturaren misterioaz eta xarmaz disfrutatzeko toki egoki bezala eraiki zuen eta horretarako jauregiko terrazan behatoki txiki bat jarri zuen. Nahiko hondatuta egon arren, eraikinak zutik jarraitzen du gaur egun. Horrelako etxe bat horrelako paraje batean aurkitzea, benetan harrigarria da.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Ibilbide honetan bi gandor nagusiei jarraituko diegu. Lehenengo zatian gora egiten da eta altuera azkar irabazten da. Bigarren zatian, tarte luzeenean, gandorrei jarraituz gora behera txikiak eginez gailur pilo bat igaroko ditugu. Azken zatian, behera egiten da eta igotako desnibel guztia tarte labur batean jaisten da.

Lehenengo gandor nagusiak ipar mendebaldeko norabidea du eta Azkua gailurretik Paretazar gailurreraino doa. Bertan Arranokamaineta (752 m), Barda (812 m), Paretazarreta (77 m1) eta Paretazar (800 m) gailurretik igaroko gara. Paretazar gailurretik Iruleta gailurreraino doan gandorra da bigarrena. Honek hego mendebaldeko norabidea du eta bertan Añolatz (643 m) eta Iñarmeakako Kaskoa (637 m) gailurrak igaroko ditugu. Bigarren gandor honetan bidea baso barrutik egiten da.

Azken gailurretik Suspiro lepora jaitsi eta PR-106 bideari jarraituz berehala gara Sunbilla herrian.

IRTEERA
Eguna: Martxoak 24.
Irteera ordua:7:30
Tokia: Atsegindegi.

IBILBIDEA
Luzera: 22 km
Denbora: 7-8 h
Desnibel metatuak: 1.300 m gorantz eta beherantz.
Zailtazuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharreko materiala: Mendiko material arrunta.

Oharra: Ibilbide luzea.

Mendiriz Mendi

Plaza Iturregi, s/n
20120 Hernani - Gipuzkoa
Tel.: 943 332 745

info@mendirizmendi.com

Info Montaña